Haurren eta gazteen sustapena bultzatzen

Gaztematika

Jardueren eta egituren multzo artikulatu eta egonkor baten moduan ikusten dugu haurren eta gazteen sustapenerako sektorea gure gizartean. Jarduera eta egitura horiek, batzuetan, administrazio publikoek sortuak dira, beste batzuetan gizarte zibileko eragile batzuen eragina dira. Azken batean, horiek guztiak haurtzaroan eta gaztaroan gertatzen den arian-arian autonomia pertsonala lortzeko prozesuan interesatuta eta sartuta daude.

Badakigu haurrei, nerabeei eta gazteei arreta edo zerbitzuak ematen dizkieten erakundeak eta eragileak, politikak eta sistemak ugariak direla, eta hala izan behar du gainera. Zein da, orduan, haurren eta gazteen sustapenerako sektorearen zentzua? Bere atalen berezitasuna eta zentzua da, hain zuzen, erreferentzia edo esparrutzat esplizituki haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko bizi-etapen ibilbidea hartuta, arreta bereziki egoera horietan jartzen duela. Hau da, autonomia pertsonaleko lehen agerraldiarekin hasten den eta azkenean etxebizitza-independentzian edo ekonomia-independentzian amaitu daitekeen bizitzeko, heltzeko, garatzeko eta emantzipatzeko mailakako prozesu hori da sektorearen esku hartzearen ardatz nagusia. Arian-arian autonomia-kuotak (erabakietan eta erantzukizunetan) lortzen dituzten neurrian pertsonek bizi eta partekatzen duten ibilbide horretaz arduratzen da sektore honek espezifikoki, familia- eta eskola-esparrutik pixkanaka emantzipatu eta aipatu dugun independentzia lortu arte bizi duten ibilbide horretaz, hain zuzen.

Funtsezkoa da hiru etapa horietan zehar (haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan) sustapeneko esku hartzeak batasuna eta jarraipena izan behar dituela ulertzea eta hala egitea. Sektoreari ematen dion “sustapena” zentzu zabalean ulertzen dugu, haurrei, nerabeei eta gazteei hurbiltasun proaktiboa eskainiko dien sistema gisa. Sustapenaz hitz egitea laguntzaz, dinamizazioaz, ikaskuntzaz, garapenaz, loturaz eta abarrez hitz egitea da. Zein da xedea? Haur, nerabe eta gazteei haien haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan garatzeko eta gozatzeko aukera egonkorra eta etengabea ematea, etapa horiek dituzten bi zentzuetan:

  • Berezko balioa eta esanahia duen bizi-etapa gisa; hau da, etapa honetan nor bere bizitzako protagonista da, hiritartasun-eskubideei lotuta dago eta ehundura sozialaren behar-beharrezko zati da.
  • Gaitasun pertsonalak eta gizarte-loturak landuz, ikasiz eta indartuz, pixkanakako emantzipazio-prozesu bat izateko, hau da, heldutasunera arrakastaz eta asetasunez igarotzeko aukera ematen duen etapa gisa. Izan ere, heldutasunean lortzen da erabakiak hartzeko eta erabaki horiek bizi-proiektu pertsonal batean gauzatzeko autonomia-maila handiena.

Sektore honetan, beste askotan bezala, politika publikoa partaidetzazko gobernantza gisa hartu behar dugu, hau da, erakunde publikoekin batera, politika publikoaren une eta dimentsio guztietan (diseinua, ezarpena, ebaluazioa), parte hartu behar dute gizarte zibileko hainbat eragilek eta, azken batean, nahi duten pertsona guztiek. Erakundeen egiturak, espazio publikoak eta gizarteak haurren, nerabeen eta gazteen bizi-kalitatearekin eta haien eskubideen erabilerarekin zerikusia duen guztiari ematen. Haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko prozesuen eta egoeren garapena ez zaie axola horiek bizi dituztenei edo haien familiei bakarrik, alderantziz, herritar guztien ardura da, Afrikako atsotitz batek dioen bezala: “haur bat hezteko tribu osoa behar da”.

Sarrera hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Gaztematika” prozesuan eta testuetan oinarritzen da. Gaztematikaren hurrengo jardunaldien informazio gehiago: hemen.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

CAPTCHA image
*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

WP-SpamFree by Pole Position Marketing