Eskubide sozialak eta haien prestazio-izaera eta izaera erlazionala

Legebiltzarra

Paralelismo bat egin liteke, eta premia sozial deitu eskubide sozialei dagozkien haiei. Premia sozialei buruz hitz egiten dugunean, bide batez, ez da esan nahi premia horiek ez direnik banakoarenak, zeren eta azken batean, gure ustez, premiak dituena (eta eskubideak) banakoa baino ez baita. Esan nahi duguna da, ziur asko, premia horiei eman beharreko erantzunean, modu bereziren batean, kolektibitateak, gizarteak, zeresana eta zeregina duela. Antzeko planteamendua egin da arrisku sozial deritzenak definitzeko.

Esan liteke giza eskubideen marko orokorrean erreferentziazko balio garrantzitsuenetako bat berdintasuna dela (aukera-berdintasuna, tratu- eta emaitza-berdintasuna eta, horrenbestez, bereizkeria eza eta inklusioa). Balorazio-marko horren barruan, giza eskubide guztientzat komuna dena, giza eskubideek testuinguru sozial jakin batean elkarri ematen dizkiogun baliabide eta atentzioen existentzia azpimarratuko lukete, testuinguru sozial horretan (joeraz globala dena) bereziki babestu beharrekoak elkarrekiko harreman horren baitan, zeinaren bidez izaten, eraikitzen, kohesionatzen eta egituratzen baikara kolektibitate gisa, gizarte gisa.

Esan genezake hizpide ditugun eskubide sozial, premia sozial, arrisku sozial horiek korrelatu hauek dituztela gurea bezalako testuinguru batean eta gaur egungo egoeran: babes soziala, politika soziala edota ongizatearen (sozialaren) aldeko jarduna. Politika sozialaz, ongizate sozialaz edo babes sozialaz hitz egiten dugunean, burura datozkigun jarduerak testuinguru sozial jakin batean, konbentzionalki, bereziki babestu beharrekotzat jotzen ditugu, eta kolektibitate bateko kideentzako baliotsutzat. Aurretik esan bezala: kolektibitateak, gizarteak, jarduera horietan zeresana eta zeregina dauka, hain zuzen. Gurea bezalako merkatu-gizarteetan, erabakitzen dugu, kolektiboki, hein batean bederen, premia eta jarduera horiek merkatuaren jardunbidearen esku ez uztea. Horregatik hitz egin behar dugu desmerkantilizazioaz. Zenbait pare izango genituzke, beraz: alde batetik, premia sozialak edo ondasun babesgarriak, eta bestetik, horietako bakoitzarekin lotutako prestazioak (baliabideak edo zerbitzuak):

  • Osasuna/osasungintza.
  • Ikastea/hezkuntza.
  • Interakzioa/zerbitzu sozialak.
  • Enplegua/lan-politika.
  • Bizitokia/etxebizitza.
  • Bizirautea/diru-sarreren bermea.

Politika sozialaren ikuspegi eta analisi batzuetan, ondasun horien dimentsio erlazionala azpimarratzen da; hau da, ondasun horiek baliatzen dituen pertsonak koekoitzi ere egin behar dituela nolabait. Ideia interesgarria da, zeren eta erreparatzen badiegu premia sozial izendatu ditugunei eta eskubide sozialei eta, orobat, politika sozialen bidez babestu beharreko ondasunei, ez da posible, oro har, pertsona batek haiek baliatzea haien ekoizpenean parte hartu gabe. Politika eta arreta sanitarioak babesten duten osasuna ezin da gauzatu, hobetu edo mantendu –ez eta hezkuntza-politikak eta hezkuntzako esku-hartzeak bultzatzen duten ikaskuntza ere– eskubidearen jabe den pertsonak ondasun horiek babesten parte hartzen ez badu. Eta beste hainbeste gertatzen gainerako ondasun guztiekin.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

CAPTCHA image
*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

WP-SpamFree by Pole Position Marketing