Belaunaldien arteko itun berri bat

aubixa

Zaintza-gizarteari ez litzaioke begiratu behar etsipenezko betebeharra balitz bezala, baizik eta gure burua giza garapenaren I+G+b-ren abangoardian kokatzeko, enpatia bizikidetza eta konpromiso komunitarioaren oinarritzat hartuz, ikuspegi etiko batetik. Kohesio sozialerako ardatz egituratzaile gisa eratzen den xede kolektibo bat, orainaren eta etorkizunaren aldeko borroka baten moduan barneratu beharrekoa eta krisi klimatikoaren aurkako borrokaren ondorioekin parekagarria. Inor kanporatua eta baztertua ez sentitzea ahalbidetzen duen gizarte lagunkoiaren utopia errealitate bihurtzen duena eta zahartzeak dakartzan dementzien erronkak tokirik bila dezan, era naturalean eta ez traumatikoan.

Familiaren babesetik artatze instituzionalizatura, biak uztartzen saiatuz, jauzi egin duen ereduak ozta-ozta dugu nahikoa gaurko erronkei aurre egiteko, eta ezin du bere iraunkortasuna bermatu oso urte gutxira begira. Egunez egun bizi gara, eguneroko gorabeherek baldintzatuta, baina guztiz premiazkoa dugu lainoan zehar ikusteko gai izatea. Alarma sortzen duten datuei erantzuteko gai izatea, adibidez pentsioen gaurko sistemak ozta-ozta iraungo duela hamarkada bat, gaur ezagutzen dugun moduan. Edo baliabide eskuragarriak murriztu egingo direla, ezinbestez, soldaten erosteko ahalmenak ez badu premia sozialen arabera gora egiten, eta bi kotizatzaile erretiratu bakoitzeko baremoa berrorekatzen jarraitzen bada, zerbitzu publikoak finantzatzeko dugun ahalmenaren josturak ezin gehiago tenkatzeraino.

Baina gai ukiezinak zuzentzeko ahalmena ere behar dugu. Eta, zehazki, zaharren eta gazteen arteko bizi-egitasmoen arteko distantzia gero eta handiagoa, belaunaldien arteko itun berri bat bultzatzea saihestezin bihurtzeraino. XXI. mendeari egokitutako kontratu sozial bat, zeinean zaharrak eskarmentu-iturritzat eta gazteak espektatiba-iturritzat hartzea uztartzen diren. Zeinean bizitza aktiboaren zorionez luzatzeak, ahalik eta baldintzarik onenetan, ez lituzkeen oztopatuko ingurumari zail batean zahartzen direnen garapen pertsonalerako aukerak. Zeinean gaztediaren autonomia eta askatasunaren zentzuak ez duen zokoratzen zahartzen direnek ere eskubide bera dutela autonomia eta askatasun horiek babesteko, besteekiko mendekotasunik gabe egin daitekeen punturaino.

Zeinean goikoak eta behekoak zaintzea eta norberaren burua zaintzea uztartu daitezkeen. Zeinean inongo gaztek ez liokeen seme-alabarik izateari uko ekin beharrik izango, aita edo amaz arduratu behar izateagatik; zeinean inongo gurasok ez lukeen sentituko ondorengoak inolako ukazio egitera behartzen duenik, haiei dena ematen saiatu eta gero. Zeinean maitasuna ez litzatekeen dekretuz aginduko, baina maitasuna, ingurukoen epeltasuna, izango liratekeen zainketaren motorra. Zeinean inongo zaintzaile ez litzatekeen errudun sentituko ez iristeagatik, nekatzeagatik, gaizki esaka aritzeagatik edo tarteka bere buruaren alde egiteagatik, zeren eta, hala ebaluatzen denean, txanda hartuko bailukete behar bezala prestatu eta ordaindutako profesional arduratsu eta gaituek. Zeinean profesional horiek, zati handi batean, zainketa eginkizun laboraltzat aukeratzea akuilagarri gisa ikusten duten gazteak izango diren. Era berean, zerbitzu sozialen alorreko langintzari hezkuntzatik beretik emango zaio prestigioa, eta garapen ekonomikorako erreferente ere bilakatu behar da.

Belaunaldien arteko itun berri bat, zeinean zahartzaroko bakardadea eta gaztaroko bakardadea leuntzen eta elkar deuseztatzen diren, babes komunitarioko sare baten bitartez. Zeinean zainketak ez dien gehituko baliabide gutxiago dutenei beste ezberdintasun faktore bat: nola zainduko lukete inor, bestela, itxaropenik ez duten gazteek? Zeinean gizartea zahartzeari begietara so egiteko behar bezain heldua izango litzatekeen, planteatzen dituen dilema etikoei beldur eta taburik gabe aurre eginez, eta belaunaldi berriei jakinaraziz bizitzaren iragankortasunak esan nahi duena. Guztion betebeharra baita gazte askoren bidean ageri diren eta haien garapen pertsonala itotzen duten oztopoak deuseztatzea, baina, aldi berean, arazo horiek ezagutzeak ezin ditu gazte horiek salbuetsi inguruko errealitateaz kontzientzia hartzetik, ezta harekin enpatiaz jokatzearen garrantziaren kontziente izatetik ere.

(Aubixak aurkeztutako “Euskadi jasangarria: zainketa-herrialde baterako belaunaldiaren arteko ituna” dokumentutik hartuta. Hemen (aquí), dokumentu osoa. Argazkian, dokumentua idazteko osatutako taldea.)


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

CAPTCHA image
*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

WP-SpamFree by Pole Position Marketing