Gizarte-zerbitzuak, etorkizunera begira

gizarte zerbitzuak 1

Gizarte-zerbitzuek pertsona guztiei bizitza osoan zehar euren eguneroko autonomia eta harreman primarioak hobetzeko eta osatzeko behar dituzten zainketak eta laguntzak eskaintzen dizkien jarduera ekonomikoen sektorea osatzen dute. Horri esker, pertsonak autonomoak dira eguneroko bizitzako erabaki eta jardueretan, eta familiako eta komunitateko harremanetan. Oro har, aipatutako arloa funtsezkoa da pertsona guztien ongizatearentzat, eta, beraz, gizarte-zerbitzuen politika publikoa ongizatearen estatuko gizarte-politikatzat jotzen da.

Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar da, gure gizartean, gizarte-zerbitzuen sektore ekonomikoak edo, horren barruan, gizarte-zerbitzuen sistema publikoak ez dutela lortu ongizatearentzat funtsezkoak diren beste batzuek (esate baterako, osasun zerbitzuen sektore ekonomikoa edo osasun-sistema publikoa) duten garapen maila. Esate baterako, garapen-maila txikiagoa dutenez, lurralde eta administrazio bakoitzak modu batean izendatzen ditu gizarte-zerbitzuak edo haien atalak, eta, askotan, ez daude elkartuta, antolamenduaren aldetik, zatikatuta baizik, eta, aldi berean, beste jarduera batzuekin nahasita.

Gaur egungo gizartean, ordea, zainketen krisia, zalantzarik gabe, gizarte-zerbitzuen garapena areagotu egin behar dela azaleratzen duen gizarte-fenomeno handia da. Zenbait faktorek eragin dute zainketen krisia. Hona hemen adibide bat: ezgaitasunak dituzten pertsonen bizi-itxaropena luzatu izanaren ondorioz, belaunaldi- eta funtzionaltasun-aniztasuna handitu egin da, eta, aldi berean, egitura eta balio patriarkal jakin batzuk zalantzan jartzeko eta gainditze erlatibo eta disfuntzionalerako prozesuak sortu dira. Egitura eta balio patriarkal horiek honako uste honetan daude oinarrituta: emakumeek merkatuaren esparruan, gizarte zibil antolatuan edo Estatuan parte hartzeari uko egin eta lehen mailako harremanetan, batik bat zainketa-harremanetan, jardungo zutelako ustean. Erlatiboa da, oraindik ere emakumeak arduratzen direlako gehienbat lehen mailako zainketez, eta disfuntzionalagoa, oso urrun jarraitzen dugulako lehen mailako zainketen eta zainketa profesionalen arteko oreka egokitik.

Zorionez, berrikuntza teknologikoak (makrodatuekin, gauzen Internetekin, lankidetza-plataformekin, adimen artifizial banatuarekin eta abarrekin lotuak) eta berrikuntza sozialak (Euskadiko hirugarren sektoreko sare solidarioaren indarrean oinarrituak) gure gizarte-zerbitzuen garapena bizkortu dezakete. Garapen horretan, bide batez, askotariko irakaspenak lor ditzakegu hurbileko esperientzietatik. Nafarroan, esate baterako, zenbait prestazio ekonomiko gizarte-zerbitzuetan izapidetzeari utzi eta kenkari itzulgarritzat edo zerga negatibotzat hartzen dituzte, zerga-politikaren esparruan. Era berean, mugaz beste aldean, Ipar Euskal Herrian, lehen haurtzaroaren zainketa komunitarioak jorratzeko edo ezkutuko ekonomian zeuden zainketa-zerbitzuak azaleratzeko (eta erabiltzaileak ahaldunduz) bideak kontuan hartzeko modukoak dira.

(Eusko Ikaskuntzak bultzatutako liburu berderako ekarpenaren zatia.)

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

CAPTCHA image
*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

WP-SpamFree by Pole Position Marketing