Eskubide sozialen galdagarritasuna eta justiziabilitatea

Justizia

Ongizate-politikek babestu beharreko ondasunei egozten diegun izaera erlazionala kontuan hartuta, hala ere, geure buruari galdetu beharrean gaude zer aldetatik eta zer neurritan diren galdagarriak eskubide sozialak. Horretarako, jakin beharko genuke zer aldetatik eta zer neurritan har daitezkeen eskubide sozialak eskubide subjektibo gisa (eskubide subjektibotzat hartuta epaitegietan ere erreklamatu daitezkeen haiek). Esan genezake, eskubide sozial bat eskubide subjektibo gisa aitortzeko, “oinarrizko lau elementu zehaztu behar direla: eskubidearen titular diren subjektuak, prestazioa jaso ahal izateko bete beharreko eskakizunak, subjektuaren eskubide diren prestazio horien edukia, eta prestazio hori doakoa den edo ez” (Tornos).

Planteatutako galderari erantzuteko, lehenik eta behin aipatu behar da ondasuna baliatzeko eskubidea (esaterako, nobait bizi izatea) prestazioa jasotzeko eskubide gisa operatibizatzeko edo positibizatzeko joera dagoela; hau da, dena delako premia asetzen lagundu dezakeen baliabide edo zerbitzu gisa (adibide berarekin jarraituz, etxebizitza). Baina premia hori asetzeko hainbat faktore egon daitezke eta, beraz, ondasunaren babesa ez da inoiz erabatekoa edo perfektua. Bestalde, eskubide sozialak baliatzeko aukera ematen duten prestazioek edo jarduerek, izaera erlazionala ez ezik, izaera teknikoa ere badute; hau da, dagoen ebidentzia onenaren gainean egiten dira edo egin beharko lirateke, eta ezagutza zehatza, eta hein batean behintzat, zientifikoa oinarri hartuta. Horrek esan nahi du zerbitzua ematen duenak (printzipioz profesionala) baduela, nolabait esatearren, ezagutzen eta erreminten sare konplexu bat, eta horien prozedurak eta eraginak hein batean dira estandarizagarriak eta kodifikagarriak eta, horrenbestez, eskubide sozialak hein batean dira galdagarriak.

Eskubide sozialen galdagarritasunari buruz ari garenean, batez ere diogu botere eta administrazio publikoei eskatu dakizkiekeela eskubide sozialak (eta, azken aukera bezala, botere judizialari eta justizia-administrazioari), ulertuta botere eta administrazio horiek direla ongizate-zerbitzuei dagokienez inplikazioa edo interesa duen kolektibitate edo gizarte horren ordezkaritza nagusia. Hain zuzen, doktrinaren joera horixe da: eskubide sozialak galdagarriak izan daitezela (eta azken aukera bezala, galdagarriak justiziaren aurrean). “Horri buruz, Robert Alexy-k (…) justiziabilitate-modalitateen eskemak egiteko kontuan hartu beharreko lau alderdi proposatzen ditu. Lehenik eta behin, ikusi behar da ea eskubideak konstituzio-kontrolaren mende dauden edo ez. Bigarrenik, ea arauek betebehar objektiboak ezartzen dituzten (Estatuak duen betebehar orokorra programa egokiak eskaintzeko) edota , aitzitik, eskubide subjektiboak (norberak duen eskubidea indibidualki erreklamatzeko programa batean sartzea edo prestazio bat jasotzea). Hirugarrenik, eskubideak ea arau absolutu gisa formulatzen diren (banako bakoitzak duen aukera arauak ezartzen duena Estatuari erreklamatzeko) edo soilik printzipio gisa (juridikoki eta faktikoki posible den arte soilik aplikatzekoak direnak), eta azkenik, eskubide sozialen nozioak ea ongizate-maximoa edo ongizate-minimoa ezartzen duen. Aldagai horiek nahastuta, babes judizialaren forma ezberdinak sortzen dira. Horien artean, gehienezko muturra hau izango litzateke: eskubide sozialek konstituzio-babesa izatea, eskubide subjektiboak izatea, arau-egitura bat izatea eta erabateko eskubideak izatea, edo are hobeto, erabateko estalduradun eskubideak izatea. Beste muturrean legoke, berriz, gutxieneko justiziabilitate egoeran, eskubide sozialek konstituzio-babesik ez izatea, eskubide subjektiboak ez izatea, Estatuaren betebehar objektiboak islatzea, printzipio gisa egituratuak egotea, eta ongizate-maila minimoak ezartzea (ez maximoak)” (CEPAL).

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

CAPTCHA image
*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

WP-SpamFree by Pole Position Marketing