Bakardadeari eta isolamendu sozialari aurrea hartzea eta heltzea

adinberri

Bakardadea eta isolamendu soziala prebenitzea, arintzea edo lehengoratzea helburu sozial handia da, osasuna edo etxebizitza bezalako behar edo ondasun handiekin zerikusia dutenak bezala. Bakardadearen eta isolamenduaren gaitza banaka eta subjektiboki jasaten dela onartu beharko dugu, baina, ezinbestean, bere dimentsio kolektiboan eta estrukturalean aztertu eta jorratu beharko da. Literaturan bakardade terminoa nahiago izaten da bizipen subjektiborako eta isolamendu soziala gertaera objektiborako. Hizpide ditugun ondasun handi guztiak (osasuna, enplegua edo segurtasuna, adibidez) egitura objektiboak eta subjektibitate indibidualak gurutzatzean gozatzen dira.

Gure ongizate-estatuan bakardadearen eta isolamendu sozialaren erreferentzia gisa jarduera-adar bat edo politika sektorial bat aukeratu beharko balitz, gizarte-zerbitzuena izan liteke, nahiz eta funtsezkoa izan etxebizitza- eta hirigintza-politiken edo osasun-politiken ekarpena, besteak beste, politika publikoen integrazio horizontaleko (sektore artekoa) eta bertikaleko (maila anitzekoa) dinamika batean. Dena den, hori gizarte-zerbitzuen etorkizuneko erronka da, gure inguruko egungo errealitatea baino gehiago. Nolanahi ere, gizarte-zerbitzuek edo beste batzuek isolamendu eta bakardadea prebenitzeko eta jorratzeko erronka beren gain hartzen badute, zalantza gutxi dago teknologia digitalak funtsezkoak izango direla, pertsonen arteko topaketa errazteko eta indartzeko teknologiak, eta ez giza harremanen ordezko edo oztopo gisa.

Bakardadearen eta gizarte-isolamenduaren aurkako politika publikoaren ikuspegi estruktural eta integratu hori urrundu egiten da gaia modu interesatuan eta testuingurutik kanpo erabiltzetik, herritarrak eta ongizatearen alde lan egiten duten eragileak distraitzeko asmoz. Gainera, bakardadearen eta gizarte-isolamenduaren aurkako estrategia edo politika publiko batek gai izan behar du gai horri buruz esplizituki aipatzen ez diren jarduerak eta egiturak txertatzeko eta bultzatzeko. Bakar-bakarrik sentitu nahi ez duten pertsonentzako banakako arreta-programa aringarri bat nola egokitzen eta funtzionatzen duen azaltzea erraza bada ere, ziurrenik eragin estrategiko handiagoa izango dute, epe ertainean, isolamendu soziala eta bakardadean, hirigintza- eta bizitegi-azpiegituren edo komunitateetako eta lurraldeetako eguneroko bizitzan izaten diren ekimen eraldatzaileak.

ANDERSON, Zoe eta beste batzuk (2019): Bringing people together: how community action can tackle loneliness and social isolation. London, Community Fund.

ARARTEKO (2020): La soledad no buscada. Modelos de políticas públicas y compromiso de la ciudadanía. Vitoria-Gasteiz.

KOPLING, Kate (2020): Promising approaches revisited: effective action on loneliness in later life. London, Campaign to End Loneliness.

SALAS, Elisa (2020): La soletat no desitjada durant la vellesa, un fenomen social. Barcelona, Taula del Tercer Sector.

SANCHO, Mayte (koordinazioa) (2020): Bakardadeak: explorando soledades entre las personas que envejecen en Gipuzkoa. Donostia, Fundación Matia.

VIDAL, Fernando y HALTY, Amaia (2020): “La soledad del siglo XXI” en BLANCO, Agustín y otras (coordinación): Informe España 2020. Madrid, Universidad Pontificia de Comillas, páginas 90-167.

YANGUAS, Javier (zuzendaritza) (2020): El reto de la soledad de las personas mayores. Barcelona, Fundación “la Caixa”.

(Adinberri Fundazioarekin landutako gaiak.)

Nahi gabeko bakardadea: esku hartzeko gakoak bilatzen

saretu 3

Nahi ez den bakardadearen gaineko begirada nagusian, fenomenoa arazo indibidualtzat aurkezten da batez ere, nahiz eta faktore sozial batzuk aipatu, noizbehinka. Askotan, nahi ez den bakardadearen eta harreman-isolamenduaren arazoaren izaera estrukturala eta sistemikoa modu eskasean identifikatu eta aztertzen da, gizarte eraldaketa sakonak aurkezten duen testuinguru likido, konplexu eta zatikatu honetan.

Adineko pertsonen bakardadearen fenomenoa balioesterakoan, gizarte-kolektibo horren xede diren pertsonen desbalorizazioak, estigmatizazioak eta ahalduntzeak, ziur asko, eragin handiagoa du bakardadearen arazoan. Pertsonek esperimentatzen dutena kontutan hartu barik, pertsonaren bizitzako beste arlo batzuetan dituen ondorioetan azpimarratzen da, hala nola haren iraupen. segurtasun edo osasunean.

Sektore publikoaren edo hirugarren sektorearen harreman-isolamenduari buruzko esku-hartze profesionalak edo solidarioak ugariak eta interesgarriak dira, baina baita heterogeneoak eta heldugabeak ere. Ez dago ebidentzia-oinarri oso seguru eta partekaturik zerk funtzionatzen duen eta zerk ez duen funtzionatzen jakiteko, gaiari buruzko kezka eta alarma sozial gero eta handiagoaren testuinguruan.

Gehien nabarmendu diren esku hartzeak, neurri handi batean, berandu egindakoak eta aringarriak izan dira. Adibidez, adineko pertsona bat boluntario batekin egotea, berez, ez du zertan aldatu nahi ez den harreman-isolamenduko edo bakardadeko egoera, pertsona horrek lehen mailako harreman esanguratsuak (ahulagoak edo indartsuagoak) eraikitzen edo berreraikitzen laguntzen ez duen neurrian (nahita edo nahi gabe).

Beharrezkoa da berrikuntza tekniko, teknologiko eta sozialeko ekimenak bultzatzea, prebentzioaren aukerak aztertu nahi dituztenak, hau da, arazoan ibaian gora igotzen saiatzen dena eta eskala handiagoan jarduten duena, eta, neurri handiagoan, arazoa sortu ez denean eta arazoa izan dezaketen pertsonek gaitasunak, baliabideak, aktiboak eta loturak dituztenean, zeinak, zaindu eta indartuz gero, babes-faktore ahaltsuak bihur baitaitezke nahi gabeko bakardadearen eta isolamenduaren arriskuaren kontra.

(Servicios Sociales Integrados kooperatibak bultzatzen duen Bizkaia Saretu programaren barruan osatu den lehenengo taldearena da argazkia).