Arreta eta berrikuntza soziosanitarioa aurrera

rompecabezas-2_17-1004144331

Gure testuinguruan, gero eta nabarmenagoa da premia soziosanitarioen gehikuntza eta zabalkuntza. Pertsona berak osasun-zerbitzuei nahiz gizarte-zerbitzuei lotutako esku hartzeko premiak dituenean eta premia horiek iraunkorrak edo biziak eta hurbilak edo lotuak direnean, esaten dugu premia soziosanitarioak daudela.

Ikuspegi soziosanitarioak abiapuntutzat hartzen du premiei erantzuteko sistemek behar adinako malgutasuna izan behar dutela pertsona beti jardunaren ardatz bihurtzeko. Ildo horretan, pertsonak ez dira egituretara egokitu behar (kasu honetan, osasun-egituretara edo gizarte-zerbitzuen egituretara), erantzunak premietara baizik. Edonola ere, kontuan hartu behar da egitura horiek ezinbestekoak direla, eta sendotu eta garatu egin behar direla. Gaur egun, bi arlo horien errealitateak asimetrikoak dira argi eta garbi, egituren garapena askoz handiagoa baita osasun-arloan gizarte-zerbitzuen arloan baino.

Jakintza kudeatzeko eta jakintza hori lanera transferitzeko eta lan horretan aplikatzeko orientazio nabarmena izan behar dugu. Ikertutakoa, garatutakoa eta berrikuntzak pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten produktu eta zerbitzu erreal eta bideragarrietan aplikatzea gure obsesio bat izan behar du. Eredu komunitarioa gure gain hartu eta bultzatu behar dugu, hau da, pertsonen premiei erantzuteko harreman-loturak eta parte-hartze soziala indartzea, eta pertsonek aukeratutako ohiko ingurune geografiko eta sozialean haien osasuna, integrazioa, autonomia eta ongizatea sustatzea eta babestea helburu duen eredua.

Eremu soziosanitarioak zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sisteman betetzen duen funtsezko zeregina sustatu eta ikusarazi behar dugu. Eremu soziosanitarioan bereziki emankorra izan daiteke berrikuntza teknologikoaren (hots, gauzak egiteko modu estandarizatuari lotutako eta jakintzan oinarritutako berrikuntzaren) eta gizarte-berrikuntzaren (hots, gizarte-egituretan eta gizarte-dinamiketan egin behar diren eta ongizate kolektiboa dakarten hobekuntzen) arteko sinergia. Berrikuntza soziosanitarioa gizarte-berrikuntzaren gakoetako bat izan daiteke ongizate-sistema indartzeko.