Gizarte zerbitzuak: giza eskubide berri bat eraikitzen

Gizarte zerbitzuak 4

Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008 urteko euskal Legeak bermatzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroaren prestazioak eta zerbitzuak lortzea eskubide unibertsala eta subjektiboa dela; eta eskubide hori betetzea erreklamatu ahal izango dute, administrazio-bidean eta jurisdikzio-bidean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema unibertsalizatzeko epea betetzen denean, 2016 urtea amaitzen denean.

Pasa den urrian onartu den Zorroari buruzko Dekretuaren xedea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa arautzea da, baita prestazio eta zerbitzu horiek lortzeko baldintzak, irizpideak eta prozedurak arautzea ere. Eta, bide horretatik, Lege horretan aldarrikatutako eskubide subjektiboa ez ezik, aipatutako Zorroaren prestazio eta zerbitzuak eskaintzeari dagokionez euskal administrazio publikoek dituzten betebeharrak mugatzea eta edukia ematea ere.

Nolanahi ere den, eskubide sozialak galdagarriak izateak eta botere publikoek haiek babestu behar izateak ezinbestean dakar berarekin botere publiko horiek eskubide sozialak bermatzea eta, horren ondorioz, politika publikoak eta sistema publikoak egitea.

Ongizatearen aldeko jarduna, bere adar ezberdinetan (eta haien artean gizarte zerbitzuen adarrean), familia eta komunitatearen laguntzatik banantzen den heinean bihurtzen da, hain zuzen, ongizatearen aldeko jardun, familietan eta komunitateetan ematen den babes naturalaz gain bestelako balio erantsi bat ematen duela frogatzen duen heinean. Hori gertatzen da, ziur asko, teknifikatzen doan neurrian, oinarritzat ezagutza hartzen duen neurrian eta, hein handi batean behintzat bai, profesionalizatzen, egituratzen eta arautzen doan neurrian. Hori dela eta, nabarmendu behar dugu premia sozialen eta eskubide sozialen arloak duen dinamismoa, gizartean aldaketak gertatzen direlako eta, horien artean, ongizatearen aldeko jardunean bertan. Eskubideei dagokienez, Norberto Bobbiok eskubideen espezifikazio-prozesua aipatzen du, eta Gregorio Peces-Barbak, berriz, zehaztapen-prozesua. Hori dela eta, esan daiteke, Teresa Vicente Gimenezekin, eskubide berriak daudela, eta espezifikazio-prozesuak agerian uzten du eskubideen izaera historiko eta aldakorra.

Horregatik esan daiteke Zorroaren Dekretuak 2008 urteko Legeak bermatzen duen eskubidea espezefikatzen duela. Eta horregatik Dekretuak berak, bi urte pasatu ondoren, Zorroaren ebaluaketa (eta, agian, aldaketa) aurreikusten du.

Gizarte zerbitzuen behar historikoa

Marea naranja

Gure gaurko eta, bereziki, biharko gizarteak gizarte zerbitzuen behar berezi bat du. Zergatik? Gure gizartean, oso modu azkar eta bizian ari dira areagotzen bizi-zikloaren zenbait unetan eta egoeratan laguntza pertsonala jasotzeko beharrak eta, era berean, oso azkar ari dira eraldatzen familiako eta komunitateko harremanak (orain arte askotan laguntza hori eman dutenak). Gizarte-zerbitzuen finantziazioa bermatzeko eta handitzeko, beharrezkoa da erakundeen eta gizarte eragileen arteko akordio bat lortzea. Eta horretarako udaletxeen izango duten zeregina argitu eta finkatu behar da (Estatu mailan onartu den legeari erantzunez).

Komunitate-ikuspegia duten zerbitzuen aldeko apustu berezia egin behar da, familiako eta komunitateko laguntzaren eta profesionalen esku-hartzearen arteko sinergiak sustatzeko gai dena. Gizarte zerbitzuek guztiz estrategikoak dira zaintzen krisiari erantzun kolektibo bat emateko. Bai zaintzen zati bat behar den moduan profesionalizatzeko eta bai familiako eta komunitateko zaintzei babesa emateko. Pertsona bakoitzak bere bizimoduaren diseinuari eta jasoko dituen prestazioei buruzko aukeraketak egiteko duen eskubidea erabili ahal izateko, beharrezkoa da zerbitzu profesionalak eskura izatea.

Gizarte esku-hartzeak eskuragarri dauden ebidentzietan oinarrituta egon behar du, kontuan hartu behar ditu erreferentziazko komunitate zientifiko eta teknikoak ikasitako eta adierazitako jardunbide eta ikasbide onenak eta ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu behar ditu. Ezagutzaren kudeaketaren estrategia garrantzitsua da gizarteak baloratuko dituen gizarte zerbitzuak garatzeko eta eraikitzeko. Mendetasunari buruzko Legea eta gure Gizarte zerbitzuen Legea onartu zirenean geneukan ilusioa eta indarra berreskuratu behar dugu, gizarte zerbitzuak inoiz baino beharrezkoagoak dira eta.

Dokumentu berriak: fantova.net/Bestelako dokumentuak/Gizarte esku-hartze eta zerbitzuak

Gizarte zerbitzuen eredu berri bat eraikitzen

Gizarte zerbitzuak 2

Gizarte zerbitzuen egitekoa pertsona batek modu autonomoan bizitzeko duen ahalmenaren eta pertsona hori familia- eta komunitate-arloan integratzearen artean dagoen orekari erantzutea da.

Gizarte zerbitzuen sektorea da, zalantzarik gabe, gure ekonomian enplegua sortzeko ahalmen handiena duena une honetan. Agenda bera dira enplegua sortzeko agenda eta gizarte zerbitzuak garatzeko agenda. Agenda horren funtsezko ardatza pertsonak zaintzeko eta laguntzeko egiten diren hainbat lan azaleratzea, duin bihurtzea eta kualifikatzea da.

Bestalde, gizarte zerbitzuei eman nahi diegun etxez etxeko ikuspegia eta ikuspegi komunitarioa guztiz bat dator etxebizitza politikak, osasun zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak koordinatzeko egin behar den planteamenduarekin. Gure gaurko eta etorkizuneko gizartean, osasun zerbitzuak eta etxebizitza politikak ezin dira ondo planifikatu gizarte zerbitzuekin koordinatzen ez badira.

Gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko zailaren ondorioz, komenigarria da zuhurtziaz eta adimenez jokatzea ongizate sistemaren garapen berriei ekiterakoan. Hain zuzen ere, horrexegatik gizarte zerbitzuen garapena, eredu propioa izanik, gure ongizate sistemak behar duen berregite eta sendotze prozesurako aukera eta bide ederrak eskaintzen ditu.

Dokumentazioa: fantova.net/Gizarte esku-hartzea eta zerbitzuak.