Harremanetan eta komunitatean oinarritutako gizarte politika

Arroces 17 2

Elkarrekin lotuta dauden sakoneko gizarte-aldaketa batzuk industria-gizarteen ohiko ongizate-oreka aldatzen ari dira nabarmen. Testuinguru horretan, harremanezko ondasunen suntsipen masiboa gertatu da, familia-sareei laguntzeko gaitasuna nabarmen ahuldu da, urduritasuna dago euskarri eta nortasun komunitarioei dagokienez eta, azken batean, gizarte-zatiketari eta -polarizazioari dagokionez, arrisku eta prozesu berriak ikusten ditugu. Egoera horren aurrean, honako erronka hau dugu: erantzukizun publikoa ulertzea, konprenitzea eta azpimarratzea harremanezko ondasunei, konfiantza-sareei, familia- eta komunitate-bizitzari dagokienez. Politika publikoak harremanezko kapitala sortzen lagundu behar du, egitura-kapitalaren, kapital intelektualaren eta kapital ekonomikoaren eremuetan laguntzen duen bezalaxe.

Mota horretako politika soziala (harremanezkoa eta komunitarioa) zerbitzu pertsonaletan eta autonomia funtzionala sustatzen duten esku-hartze kolektiboetan, aktibazio komunitarioan eta autokudeaketa sozialean oinarritzen da. Politika horrek familia-, auzo- eta komunitate-bizitza nahiz bizitza hori bizitzako beste alderdi batzuekin batera dadin lagundu eta sustatu nahi du etengabe. Horrek esan nahi du sinergiak bilatu behar direla botere publikoek bermatzen dituzten gizarte-eskubideen eta herritarrek gauzatzen dituzten gizarte-erantzukizun sozialen artean, hainbat formula erabiliz, hala nola formula asoziatiboak eta kooperatiboak, altruistak edo mutualistak.

Ongizate-zerbitzuek ihes egin behar dute pertsona-sareak eta -inguruneak ordezteko joera duen ikuspegi asistentzialista eta burokratizatzailetik, eta harreman- eta komunitate-ikuspegia beren gain hartzen eta ikuspegi hori, hots, pertsonek hautatu duten ingurunean egoteko eta pertsona horien bizi-kalitatearen kudeaketari dagokionez, beste pertsona batzuekin sarean erantzukidetzeko aukera emango dieten euskarri malguak ematera bideratuta dagoen ikuspegia aplikatzen jarraitu edo hasi behar dute.

Planteamendu hori ez da egiten familia- eta komunitate-euskarriak indartsuak direlako. Baizik eta, gure ustez, planteamendu horren ahultasuna dela medio, esku-hartze publikoak ez duelako hura desaktibatzen lagundu, ezta ordezko formulen bitartez ordezkatzen ere, nahi izango litzatekeen bezala. Planteamendu hori egiten da zeren botere publiko babesle eta proaktibo batzuen eta familia- eta komunitate-sare abegitsu eta eraginkorren arteko lotura berri batean soilik pentsa baitaiteke politika publikoa nahitaezko tresna desmerkantilizatzaile gisa eta, azken batean, pertsona guztien –gizarte duin batean askeak eta arduratsuak izan nahi dutenak– giza duintasunaren errespetuzko sustatzaile eta babesle eraginkor gisa berrasmatu behar dela.

Eskubide sozialen galdagarritasuna eta justiziabilitatea

Justizia

Ongizate-politikek babestu beharreko ondasunei egozten diegun izaera erlazionala kontuan hartuta, hala ere, geure buruari galdetu beharrean gaude zer aldetatik eta zer neurritan diren galdagarriak eskubide sozialak. Horretarako, jakin beharko genuke zer aldetatik eta zer neurritan har daitezkeen eskubide sozialak eskubide subjektibo gisa (eskubide subjektibotzat hartuta epaitegietan ere erreklamatu daitezkeen haiek). Esan genezake, eskubide sozial bat eskubide subjektibo gisa aitortzeko, “oinarrizko lau elementu zehaztu behar direla: eskubidearen titular diren subjektuak, prestazioa jaso ahal izateko bete beharreko eskakizunak, subjektuaren eskubide diren prestazio horien edukia, eta prestazio hori doakoa den edo ez” (Tornos).

Planteatutako galderari erantzuteko, lehenik eta behin aipatu behar da ondasuna baliatzeko eskubidea (esaterako, nobait bizi izatea) prestazioa jasotzeko eskubide gisa operatibizatzeko edo positibizatzeko joera dagoela; hau da, dena delako premia asetzen lagundu dezakeen baliabide edo zerbitzu gisa (adibide berarekin jarraituz, etxebizitza). Baina premia hori asetzeko hainbat faktore egon daitezke eta, beraz, ondasunaren babesa ez da inoiz erabatekoa edo perfektua. Bestalde, eskubide sozialak baliatzeko aukera ematen duten prestazioek edo jarduerek, izaera erlazionala ez ezik, izaera teknikoa ere badute; hau da, dagoen ebidentzia onenaren gainean egiten dira edo egin beharko lirateke, eta ezagutza zehatza, eta hein batean behintzat, zientifikoa oinarri hartuta. Horrek esan nahi du zerbitzua ematen duenak (printzipioz profesionala) baduela, nolabait esatearren, ezagutzen eta erreminten sare konplexu bat, eta horien prozedurak eta eraginak hein batean dira estandarizagarriak eta kodifikagarriak eta, horrenbestez, eskubide sozialak hein batean dira galdagarriak.

Eskubide sozialen galdagarritasunari buruz ari garenean, batez ere diogu botere eta administrazio publikoei eskatu dakizkiekeela eskubide sozialak (eta, azken aukera bezala, botere judizialari eta justizia-administrazioari), ulertuta botere eta administrazio horiek direla ongizate-zerbitzuei dagokienez inplikazioa edo interesa duen kolektibitate edo gizarte horren ordezkaritza nagusia. Hain zuzen, doktrinaren joera horixe da: eskubide sozialak galdagarriak izan daitezela (eta azken aukera bezala, galdagarriak justiziaren aurrean). “Horri buruz, Robert Alexy-k (…) justiziabilitate-modalitateen eskemak egiteko kontuan hartu beharreko lau alderdi proposatzen ditu. Lehenik eta behin, ikusi behar da ea eskubideak konstituzio-kontrolaren mende dauden edo ez. Bigarrenik, ea arauek betebehar objektiboak ezartzen dituzten (Estatuak duen betebehar orokorra programa egokiak eskaintzeko) edota , aitzitik, eskubide subjektiboak (norberak duen eskubidea indibidualki erreklamatzeko programa batean sartzea edo prestazio bat jasotzea). Hirugarrenik, eskubideak ea arau absolutu gisa formulatzen diren (banako bakoitzak duen aukera arauak ezartzen duena Estatuari erreklamatzeko) edo soilik printzipio gisa (juridikoki eta faktikoki posible den arte soilik aplikatzekoak direnak), eta azkenik, eskubide sozialen nozioak ea ongizate-maximoa edo ongizate-minimoa ezartzen duen. Aldagai horiek nahastuta, babes judizialaren forma ezberdinak sortzen dira. Horien artean, gehienezko muturra hau izango litzateke: eskubide sozialek konstituzio-babesa izatea, eskubide subjektiboak izatea, arau-egitura bat izatea eta erabateko eskubideak izatea, edo are hobeto, erabateko estalduradun eskubideak izatea. Beste muturrean legoke, berriz, gutxieneko justiziabilitate egoeran, eskubide sozialek konstituzio-babesik ez izatea, eskubide subjektiboak ez izatea, Estatuaren betebehar objektiboak islatzea, printzipio gisa egituratuak egotea, eta ongizate-maila minimoak ezartzea (ez maximoak)” (CEPAL).

Haurren eta gazteen sustapena bultzatzen

Gaztematika

Jardueren eta egituren multzo artikulatu eta egonkor baten moduan ikusten dugu haurren eta gazteen sustapenerako sektorea gure gizartean. Jarduera eta egitura horiek, batzuetan, administrazio publikoek sortuak dira, beste batzuetan gizarte zibileko eragile batzuen eragina dira. Azken batean, horiek guztiak haurtzaroan eta gaztaroan gertatzen den arian-arian autonomia pertsonala lortzeko prozesuan interesatuta eta sartuta daude.

Badakigu haurrei, nerabeei eta gazteei arreta edo zerbitzuak ematen dizkieten erakundeak eta eragileak, politikak eta sistemak ugariak direla, eta hala izan behar du gainera. Zein da, orduan, haurren eta gazteen sustapenerako sektorearen zentzua? Bere atalen berezitasuna eta zentzua da, hain zuzen, erreferentzia edo esparrutzat esplizituki haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko bizi-etapen ibilbidea hartuta, arreta bereziki egoera horietan jartzen duela. Hau da, autonomia pertsonaleko lehen agerraldiarekin hasten den eta azkenean etxebizitza-independentzian edo ekonomia-independentzian amaitu daitekeen bizitzeko, heltzeko, garatzeko eta emantzipatzeko mailakako prozesu hori da sektorearen esku hartzearen ardatz nagusia. Arian-arian autonomia-kuotak (erabakietan eta erantzukizunetan) lortzen dituzten neurrian pertsonek bizi eta partekatzen duten ibilbide horretaz arduratzen da sektore honek espezifikoki, familia- eta eskola-esparrutik pixkanaka emantzipatu eta aipatu dugun independentzia lortu arte bizi duten ibilbide horretaz, hain zuzen.

Funtsezkoa da hiru etapa horietan zehar (haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan) sustapeneko esku hartzeak batasuna eta jarraipena izan behar dituela ulertzea eta hala egitea. Sektoreari ematen dion “sustapena” zentzu zabalean ulertzen dugu, haurrei, nerabeei eta gazteei hurbiltasun proaktiboa eskainiko dien sistema gisa. Sustapenaz hitz egitea laguntzaz, dinamizazioaz, ikaskuntzaz, garapenaz, loturaz eta abarrez hitz egitea da. Zein da xedea? Haur, nerabe eta gazteei haien haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan garatzeko eta gozatzeko aukera egonkorra eta etengabea ematea, etapa horiek dituzten bi zentzuetan:

  • Berezko balioa eta esanahia duen bizi-etapa gisa; hau da, etapa honetan nor bere bizitzako protagonista da, hiritartasun-eskubideei lotuta dago eta ehundura sozialaren behar-beharrezko zati da.
  • Gaitasun pertsonalak eta gizarte-loturak landuz, ikasiz eta indartuz, pixkanakako emantzipazio-prozesu bat izateko, hau da, heldutasunera arrakastaz eta asetasunez igarotzeko aukera ematen duen etapa gisa. Izan ere, heldutasunean lortzen da erabakiak hartzeko eta erabaki horiek bizi-proiektu pertsonal batean gauzatzeko autonomia-maila handiena.

Sektore honetan, beste askotan bezala, politika publikoa partaidetzazko gobernantza gisa hartu behar dugu, hau da, erakunde publikoekin batera, politika publikoaren une eta dimentsio guztietan (diseinua, ezarpena, ebaluazioa), parte hartu behar dute gizarte zibileko hainbat eragilek eta, azken batean, nahi duten pertsona guztiek. Erakundeen egiturak, espazio publikoak eta gizarteak haurren, nerabeen eta gazteen bizi-kalitatearekin eta haien eskubideen erabilerarekin zerikusia duen guztiari ematen. Haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko prozesuen eta egoeren garapena ez zaie axola horiek bizi dituztenei edo haien familiei bakarrik, alderantziz, herritar guztien ardura da, Afrikako atsotitz batek dioen bezala: “haur bat hezteko tribu osoa behar da”.

Sarrera hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Gaztematika” prozesuan eta testuetan oinarritzen da. Gaztematikaren hurrengo jardunaldien informazio gehiago: hemen.

Eskubide sozialak eta unibertsalitatea

Unibertsoa

Eskubide sozialak unibertsalak dira, eta izaera unibertsal hori babestu behar da hitzez zein praktikan hura gutxiesten duten ikuspegi edo planteamenduen aurrean. CEPALen arabera, “hautaketak edo fokalizazioak, behar bezala ulertuta, ez du talka egiten eskubide sozialen izaera unibertsalarekin, baizik eta guztiz kontrakoa: birbanaketa egiteko tresna dira, zer baliabide dauden kontuan hartuz, eskubide soziala gutxien gauzatzen zaien haiei eskubide sozialaren titulartasuna emateko. Baina horrek ezin du justifikatu Estatuak hartutako politikak soilik pobreei ematea zerbitzuak eta prestazioak, ondorio horrek zuzenean egiten baitu talka eskubide sozialen izaera unibertsalarekin eta, gainera, gizartearen erdiko geruzetako tarte handi bat babesik edo prestazioen finantziaziorik gabe uzten baititu”.

Egiazki, politika sozialetan unibertsalizazioaren eta fokalizazioaren artean betidanik egon den tentsioaz ari gara (ingelesezko termino ezagunak erabiliz, mainstreaming eta targeting). Dudarik gabe, une eta egoera askotan justifikatuta egon ohi da fokalizazioa eta biztanleria-segmentu jakin baten gainean jardutea (zenbait aldagairen arabera, hala nola sexua, adina, kokapena, loturak, gaitasunak, baliabideak…). Nolanahi ere, ongizatearen aldeko jardunaren historia da, gure ustez, esku-hartze fokalizatuen bidez pertsona ororentzat onuragarri diren premia unibertsalak eta prestazioak identifikatzearen historia. Bada, baita ere, denboran luzatzen diren esku-hartze fokalizatuen ondorio kaltegarriak identifikatzearen eta gainditzearen historia (esate baterako, estigmatizazioa, segregazioa, pasibotasuna edo mendekotasuna).

Beraz, ongizatearen aldeko jarduna, bere ibilbide eta garapen historikoan, zenbait jarduera-adar handitan eratu eta egituratu da, eta horietako bakoitza babestu beharrekoa den eta unibertsalki beharrezkoa den ondasun batekin dago lotuta. Eta ondasun horiek baliatzeko oztopoak zituzten (eta dituzten) pertsona horiek egiazki irisgarritasun unibertsala erreklamatu izan dute (eta erreklamatzen jarraitzen dute gero eta gehiago), oztoporik ez sortzea eta, hala balegokio, oztopoak kentzea, horrela beste pertsona batzuek dauzkaten eskubide sozial berberak baliatu ahal izateko haiek ere. Eta sistemak (osasungintza, hezkuntza…), irisgarri egin diren eta are irisgarriago egiten jarraitzen duten heinean, lehen diskriminatzen eta baztertzen zituzten pertsonentzat ez ezik, kolektibitate guztiarentzat eta haren kide guztientzat ere badira onuragarri.

Eskubide sozialak eta haien prestazio-izaera eta izaera erlazionala

Legebiltzarra

Paralelismo bat egin liteke, eta premia sozial deitu eskubide sozialei dagozkien haiei. Premia sozialei buruz hitz egiten dugunean, bide batez, ez da esan nahi premia horiek ez direnik banakoarenak, zeren eta azken batean, gure ustez, premiak dituena (eta eskubideak) banakoa baino ez baita. Esan nahi duguna da, ziur asko, premia horiei eman beharreko erantzunean, modu bereziren batean, kolektibitateak, gizarteak, zeresana eta zeregina duela. Antzeko planteamendua egin da arrisku sozial deritzenak definitzeko.

Esan liteke giza eskubideen marko orokorrean erreferentziazko balio garrantzitsuenetako bat berdintasuna dela (aukera-berdintasuna, tratu- eta emaitza-berdintasuna eta, horrenbestez, bereizkeria eza eta inklusioa). Balorazio-marko horren barruan, giza eskubide guztientzat komuna dena, giza eskubideek testuinguru sozial jakin batean elkarri ematen dizkiogun baliabide eta atentzioen existentzia azpimarratuko lukete, testuinguru sozial horretan (joeraz globala dena) bereziki babestu beharrekoak elkarrekiko harreman horren baitan, zeinaren bidez izaten, eraikitzen, kohesionatzen eta egituratzen baikara kolektibitate gisa, gizarte gisa.

Esan genezake hizpide ditugun eskubide sozial, premia sozial, arrisku sozial horiek korrelatu hauek dituztela gurea bezalako testuinguru batean eta gaur egungo egoeran: babes soziala, politika soziala edota ongizatearen (sozialaren) aldeko jarduna. Politika sozialaz, ongizate sozialaz edo babes sozialaz hitz egiten dugunean, burura datozkigun jarduerak testuinguru sozial jakin batean, konbentzionalki, bereziki babestu beharrekotzat jotzen ditugu, eta kolektibitate bateko kideentzako baliotsutzat. Aurretik esan bezala: kolektibitateak, gizarteak, jarduera horietan zeresana eta zeregina dauka, hain zuzen. Gurea bezalako merkatu-gizarteetan, erabakitzen dugu, kolektiboki, hein batean bederen, premia eta jarduera horiek merkatuaren jardunbidearen esku ez uztea. Horregatik hitz egin behar dugu desmerkantilizazioaz. Zenbait pare izango genituzke, beraz: alde batetik, premia sozialak edo ondasun babesgarriak, eta bestetik, horietako bakoitzarekin lotutako prestazioak (baliabideak edo zerbitzuak):

  • Osasuna/osasungintza.
  • Ikastea/hezkuntza.
  • Interakzioa/zerbitzu sozialak.
  • Enplegua/lan-politika.
  • Bizitokia/etxebizitza.
  • Bizirautea/diru-sarreren bermea.

Politika sozialaren ikuspegi eta analisi batzuetan, ondasun horien dimentsio erlazionala azpimarratzen da; hau da, ondasun horiek baliatzen dituen pertsonak koekoitzi ere egin behar dituela nolabait. Ideia interesgarria da, zeren eta erreparatzen badiegu premia sozial izendatu ditugunei eta eskubide sozialei eta, orobat, politika sozialen bidez babestu beharreko ondasunei, ez da posible, oro har, pertsona batek haiek baliatzea haien ekoizpenean parte hartu gabe. Politika eta arreta sanitarioak babesten duten osasuna ezin da gauzatu, hobetu edo mantendu –ez eta hezkuntza-politikak eta hezkuntzako esku-hartzeak bultzatzen duten ikaskuntza ere– eskubidearen jabe den pertsonak ondasun horiek babesten parte hartzen ez badu. Eta beste hainbeste gertatzen gainerako ondasun guztiekin.

Gizarte ongizatearen krisia eta berrikuntza: erronka mundiala

Ongizate Estatuaz ari garenean, pertsonen beharrizan garrantzitsu batzuen bermeaz hitz egiten ari gara, Estatuak emanda, norberaren baliabide edo ahalmenak kontutan hartu barik (zentzu orokorrean).

Ongizate Estatuaren krisia ez da azken bost edo sei urtetatik hona datorren prozesu bat. Hamarkada batzuk daramagu krisi horretaz hitz egiten, gizarte aldaketa sakon batzuk direla eta: globalizazioa, indibidualizazioa, enpleguaren falta, zaintzen krisia…

Pilares

Ongizate Estatua defendatzen dugunok, eraikuntza historiko bat dela ulertu behar dugu eta bere berrikuntzaren beharra onartu. Alde batetik, lanaren banaketa sexual onartezin baten gainean oinarrituta egon delako. Beste alde batetik gizarte arrisku berri batzuei erantzuna emateko prest egon ez delako. Eta beste aldetik, Ongizate Estatuaren arrakasta eta mugengatik, kasu batzuetan, hiritarren jarrera aktibo eta solidarioak ahultzen direlako (laburki esanda).

Interdisciplinariedad

Ongizate Estatuaren defentsa, kasu batzuetan, defentsa itxia eta gogorra izan beharko du, atzera pausurik eman gabe. Beste kasu batzuetan, gizarte berrikuntzaren bidez, beldur barik, sinergia berriak lortzeko saioak egin eta ebaluatu behar ditugu: enpleguaren banaketa, zergen eta sarreren bermearen kudeaketa zuzen eta progresiboa, komunitatearen autogestioa, familia eta lanaren arteko uztartzea eta aniztasunaren kudeaketa bultzatuz.

Gehiago irakurtzeko, adibidez: “Mendetasunetik haratago”